Bilbao – New York – Bilbao

Bilbao – New York – Bilbao

Bilbao – New York – Bilbao

Kirmen Uribe

Elkarlanean, S.L. Argitaletxea, 2009
ISBN: 9788497837941
Idioma: euskera

Haize berria dakar Kirmen Uriberen azken liburuak. Kontagintza-mota ohikoak alde batera utzita, autofikzioaren bidetik jo du bere lehenengo eleberri hau idaztean, errealitateko datuak material literario moduan erabiliz, fikzioaren baliabideen bitartez historia ere istorio bihurtuz eta egilea bera bere kontakizunaren objektu bihurtuz.

Loiun abiatu eta JFK aireportura iristen den hegazkin-bidaia bat da, berez, Bilbao-New York-Bilbao eleberri hau. Baina, hegaldiarekin batera, hiru belaunaldiren historia kontatzen zaigu: aitona-amonei dagokien gerraurrekoa, gurasoen sasoiko frankismoarena, eta idazlearena berarena, XIX. mendean hasi eta XXI.eraino doan epopeia txiki baten moduan; batetik besterako lokarri, Aurelio Artetaren koadro bat, eta haren inguruko gorabeherak.

Fikzioaren eta errealitatearen arteko mugan jolasean, hainbat istorio, oroitzapen, gogoeta erabiliko du egileak, baita nobelaren sortze-prozesua azaldu ere, bizitza bera den bezalako mosaiko bat eraikiz material ugarirekin: gutunak, emailak, egunerokoak, poemak… Itsasoari loturiko bizimodu galtzoriko bati egindako aitortzarekin batera, bizitzari berari eta gizatasunari eskainitako omena.

Sendotasun intelektuala eta hunkidurarako gaitasuna uztartuz, planteamendu literario ausarta eta irakurlea limurtzen duen idazkera samurra konbinatuz, gogoan gelditzen den artelana burutu du Uribek, euskal letretan leku nabarmena irabazi eta zeresana emango duena.